• NAFARROAKO RURAL KUTXA

    Ordainketa Zerbitzuen Legea

    Ley de Servicios de Pago

Bezero agurgarria:


2009ko abenduaren 4an Ordainketa Zerbitzuen Legea indarrean jarri zen; horren helburu nagusia zer bermatzea Europar Batasunaren eremuan egindako ordainketak, TRANSFERENTZIAK, ZUZENEKO ZORDUNKETAK eta TXARTEL bidez egindako ordainketak, hain zuzen, Estatu kideetan egindako barne-ordainketa nazionalen erraztasun, eraginkortasun eta segurtasun berarekin egin ahal izatea.

Ordainketa Zerbitzuen Legea ezartzeak abantaila nabarmenak ekarri zituen Europar Batasuneko herritar guztientzat: ordainketak azkarrago egiten dira, eragiketa batzuen gastuak agindu-emailearen eta onuradunaren artean banatu daitezke, eta ordainagiriak itzultzeko epe luzeagoa izan dezakegu, besteak beste.

Hala ere, denboraren joanak, kontsumo-ohituren aldaketak, teknologien erabileraren hazkundeak, merkataritza elektronikoaren hedapenak eta segurtasun handiagoa nahi izateak Ordainketa Zerbitzuen Legea atzean utzi eta PSD2 delakoa jarri dute indarrean, hots, Ordainketa Zerbitzuei eta Transakzio Elektronikoei buruzko Zuzentaraua, EBko Parlamentuak eta Kontseiluak 2015eko abenduaren 23an onetsia.

PSD2aren helburu nagusia da egiten diren ordainketen kudeaketaren segurtasuna nahiz erosotasuna hobetzea, bereziki internet bidez egiten direnena. Hori dela eta, orain kudeaketa elektroniko bidez, mugikor, tableta edo ordenagailu bidez, egin nahi duzun ordainketa oro askoz ere seguruagoa eta gardenagoa da, hau da, zure datuak babestuago daude.

Horretarako, Rural Kutxan, zure identifikazioa sendotzeko segurtasun-ekintza eta -neurriak ezarri dira, batetik, eta, bestetik, nahi duzunean ordainketa-agindu oro hasteko edo exekutatzeko baimena eman edo atzera bota ahal izateko beharrezko komunikazio-mekanismoak definitu dira.

Halaber, Europako araudi horrek beste abantaila batzuk ekarri ditu ordainketa-zerbitzuen erabiltzaile ororentzako. Adibidez:

  • Txartelak, sarbide-gakoa edo ruralvía zerbitzuaren sinadura elektronikoa galdu, lapurtu edo bidegabe kentzen badizkizute, eta zuk baimendu gabeko eragiketak egiten badira, zure erantzukizuna 50 €-raino (berrogeita hamar euro) murrizten da, lehen aipatutako 150 €-en (ehun eta berrogeita hamar €) ordez.
  • Egiten duzun edozein ordainketa-eragiketa iruzurrezkoa izan litekeela antzematen bada, iruzurra izan daitekeela susmatzen bada edo segurtasun-mehatxua eragin badezake, berehala jarriko gara zurekin harremanetan, emandako agindua egiaztatzeko.
  • Txartelekin eta aldez aurreko baimenarekin egiten diren ordainketa-eragiketetan, zure kontuan funtsak erabilgarri daudela baieztatuko dugu eragiketa gauzatzeko edo errefusatzeko. Hori komunikazio-kanal seguru baten bidez baieztatuko da beti, eta erantzun horretan ez da inoiz emango zure kontuaren saldo erabilgarriaren berri.
  • Zuk agindutako ordainketa-eragiketa bat jasotzen dugun unean, agindua jaso eta hurrengo egun baliodunaren amaieran, beranduenez, gauzatuko da eragiketa hori, oro har.

Jakin behar duzu, halaber, ordainketei buruzko araudiaren bilakaera horrekin figura berriak sortu direla, finantza-zerbitzu berriak eta berritzaileak eskuratzeko aukera emango dizutenak. Zerbitzu horiek finantza-erakunde tradizionalek zein hirugarren enpresek emango dituzte:

  • “Kontuen agregatzaileak”. Horien bidez, edozein bankutan irekita dituzun kontuei buruzko informazio guztia ikusi eta kontsultatu ahal izango duzu, leku bakar batean, multzokatuta, baita horien mugimendu guztiak ikusi ere.
  • “Ordainketa-abiarazleak”. Horien bidez, zure kontutik zuzenean saltokiaren kontura ordaintzeko aukera emango dizute.

Bi kasuetan, zure kontuak agregatzea edo ordainketa zuzenean hirugarren baten bidez hastea erabakitzen baduzu, adostasuna eman beharko duzu beti zure kontuetara sartzeko, haien datuak erakusteko edo ordainketa bat kudeatzeko; beraz, baldintzak onartu baino lehen, aholkatzen dizugu informazio guztia xehetasunez irakurtzea, zure datuak nola erabiliko diren jakitea eta ingurune seguru batean zaudela ziur egotea egiaztatzea.

Europan ordainketak egitean dituzun eskubideei buruz gehiago jakin nahi baduzu, sakatu  "Informazio gehiago Ordainketa Zerbitzuen Legeari buruz ".